News & Media
BERRIAK
INDIAKO GURU GOBIND SINGH BIRFINDEGIAREN GUNE PETROKIMIKO BERRIRAKO 2200 BALBULA BAINO GEHIAGO
Indiako industria energetikoaren eragile garrantzitsuenetako bat den eta era berean herrialdeko bosgarren birfindegirik handienaren (Guru Gobind Singh) jabe den HMEL enpresak, 2200 konporta, globo eta erretentzio balbula kriogeniko eta ez kriogeniko baino gehiago diseinatu eta ekoizteko kontratua esleitu dio AMPO POYAM VALVES-i, tartean presio altuko aplikazioetarako hainbat balbula ere badaudelarik.
Indiako Punjab estatuko Bathinda herrian kokatuta dagoen Guru Gobind Singh birfindegian bertan konplexu petrokimiko berri bat eraiki eta integratzen ari da egun HMEL konpainia. Zehazki 1,2 milioi tonako ahalmena izango duen krakeorako planta bat, 1,5 milioi tonako ahalmena izatera arte zabaldu ahalko dena gainera. Etilenoa prozesatzeko instalazio berri hauek lurrun cracker bat, birfindegiko ihes gasak tratatzeko unitate bat, C4 hidrogenerazio unitate bat, pirolisi bidez gasolina hidrogenatzeko unitate bat, bentzenoa erauzteko unitate bat, buteno unitate bat, polietilenoko bi swing unitate, HDPE unitate bat eta polipropilenozko beste unitate bat izango ditu.
AMPOk eta HMEL-ek elkarlanean jardun dute gune petrokimiko honetako unitate berezi bakoitzerako balbula optimoak aukeratzerako orduan eta ondorioz 30” eta 2500 lbs bitarteko balbulak hornitzen ari da egun Idiazabalgo kooperatiba. Aipamen berezia merezi dute gainera proiektu honetarako garatu diren presio altuko (2500 lbs) eta 24”ko hainbat Y globo balbulek.
Industria petrokimiko nahiz birfindegien sektorean AMPOk duen esperientzia zabala eta era berean mundu osoan, eta bereziki Indian, instalatuta dituen milaka eta milaka balbula kriogeniko, ez kriogeniko nahiz presio altuko balbulak izan dira, HMEL-ek proiektu honen esleipena AMPOri luzatzeko arrazoi nagusienetako bi. Azpimarratzekoa da gainera balbulak ekoizteko planta bat duela AMPOk Indian 2009.urtetik.
Proiektu honen garapenarekin Indian duen presentzia areagotzeaz gain, aplikazio petrokimikoetan duen lidergotza indartuko du AMPO POYAM VALVES-ek.