News & Media
BERRIAK
KAZAKHSTANEN BALBULAK EKOIZTEKO HELBURUAREKIN JOINT VENTURE BAT SORTU DU AMPOK, AKSAI INDUSTRIAL PARK ENPRESAREKIN INDARRAK BATUZ
AMPO POYAM VALVES-ek lankidetza hitzarmen bat iragarri du gaur, Aksai Industrial Park izeneko enpresarekin batu eta “AMPO Caspian LLP” izeneko joint venture bat sortu duela jakinaraziz. Enpresa berri honek energia sektorerako balio erantsi altuko balbulak ekoiztuko ditu Kazakhstanen, horretarako puntako ekoizpen eta zerbitzu instalazioak izango dituelarik Aksai hirian. Ekimen honen helburu nagusia Kazakhstan eta Kaspiar itsasoaren eskualdeko herrialdeentzat bazkide estrategiko bilakatzea izango da, bertako bezeroei zerbitzu hobea eta teknologia eskainiz, herrialdeko proiektu estrategikoetarako balbulen mantentze lan kritikoak eskaintzeaz gain.
“Energia sektorera bideratutako balio erantsi altuko balbulen alorrean munduko lidergotza dugula kontuan izanik, pozik gaude Aksai Industrial Park-ekin sinatu dugun akordioarekin. Honen bidez merkatu lokalean neurrira garatutako balbulen gama zabal bat eskaintzeko gai izango gara eta. Lankidetza honek Kazakhstaneko industria azpiegituretan eta nazio nahiz eskualdeko merkatuan daukagun konfiantza osoa isladatzen du. Joint venture honen bidez, gure Kazakhstango posizionamendua hobetu ahal izango dugu, bezeroei entrega epe laburragoak eta salmenta osteko zerbitzu hobeak eskaintzearekin batera” dio AMPO POYAM VALVES-eko Estrategia zuzendaria den Alex Eizmendik. Zera gaineratzen du amaitzeko: “Proiektu hau hasiera bat besterik ez da, aukera gehiago baloratzen jarraituko baitugu CIS eskualdeetako ekonomiari balio handiagoa eskaini ahal izateko”.
Gianluca Colombok, Aksai Industrial Park-eko zuzendari nagusiak, bestalde, honakoa azpimarratu du: “Aksai industriagunearen helburu nagusia industria nazionalaren gaitasunak zabaldu eta teknologia eta ezagutza globala tokiko merkatura transferitzea da, horretarako industria bakoitzeko aktore nagusienekin elkarlanean arituz. Joint venture honi egiten diogun ekarpen nagusia balbulen garapen lokalerako beharrezkoak diren lehen mailako instalakuntzak, baliabideak, teknologia eta ekipoak eskaintzean oinarrituko da, honez gain tokiko eskulana eta kualifikazio altuko langileak kontratatzeaz gain. Ildo honetatik formakuntza plan zehatz eta jarraiak diseinatuko ditugu Idiazabalgo kooperatibarekin elkarlanean. Gauzak honela, eskualdean kalitatezko lanpostuak sortuko ditugu”.
AMPO POYAM VALVESek hamarkadak daramatza CIS eskualdeetan lanean, iada balbula ugari hornitu dituelarik proiektu estrategiko ezberdinetarako. Hemendik aurrera, ordea, Kazakhstanerako balbulak AMPO Caspian LLP joint venture-aren bidez diseinatu eta ekoiztuko ditu, bide batez bezeroen esperientzia hobetu eta tartean zerbitzu hobea eta aholkularitza hurbilago bat eskainiz.
Enpresa lokal honek energia sektorerako neurrira egindako bola, konporta, globo eta erretentzio balbulak garatuko ditu eta AMPO POYAM VALVES-en ahalmen produktibo globala handitzea ahalbideratuko du. AMPO SERVICE-ek ere elkarte honetan parte aktiboa izango du, esperientzia zabala duten kualifikazio maila altuko teknikoz osatutako lan talde batekin, bezeroen beharrei berehalako erantzuna bermatuko dielarik herrialdean. Besteak beste, aholkularitza teknikoa, ingeniaritza soluzioak, ekipamenduen hautaketa, mantenimendu lan prebentibo eta prediktiboak, konponketak eta formakuntza.
AMPO POYAM VALVES mundu mailan ezaguna da merkatuko balbula seguru eta fidagarrienak eskaintzen dituelako, 57 urteko esperientzia, teknologia, jakintza, balbulen erabilera bizitza eta produkzio prozesu integrala medio, besteak beste. Merkatuko produktu gama zabalenarekin ere kontatzen du gainera: bola, konporta, globo, erretentzio, ar, switch, angelu eta tximeleta balbulekin, “Integrated Smart Solutions” izeneko irtenbideez gain.
AMPO POYAM VALVES
1964.urtean sortu zen eta energia sektorerako balio erantsi altuko balbulen diseinu eta ekoizpenean nazioarteko lider da egun. Munduan zehar milioika balbula dauzka instalatuta eta neurrira egindako irtenbideak eskaintzen ditu, industriako ingeniaritza eta erabiltzaile nagusienekin elkarlanean jardunez. Konpainiaren motorra halere bere lan taldeak osatzen du, berrikuntza eta konpromisora bideratutako taldeak.
Aksai Industrial Park
2012.urtean sortu zen Aksai-en, Kazakhstanen, Teknologiaren Transferentziaren Programa lokala martxan jarri ostean. Egun herrialdeko eragile nagusienetako bat da eta transferentzia teknologia, nazioarteko zertifikazioa eta herrialdeko eduki lokalaren garapena eskaintzen ditu. Urte hauetan zehar ekoizpen lokala inplantatzea lortu du, makinerian, ekipamenduetan eta laborategietan inbertituz eta aurrez herrialdean erabilgarri ez zeuden produktu eta ekipoak ekoiztuz honela.